Ahotsak.com

Ahotsak proiektuak, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak biltzen ditu. Hainbat urtetan bildutako materiala landu eta antolatu dute webgune honetan. Esan beharra dago proiektu irekia, publikoa eta doakoa dela, interesa duen edonork parte hartzeko aukera izanik. Webgunearen grabazioen atalean, herrika edo gaika antolatutako grabazio bilduma aurkitu daiteke.

Grabazio horiek, ikasleekin lantzeko interesgarriak izan daitezke. Alde batetik, jorratzen ari garen gaiekin lotu ditzakegulako eta bestetik, euskalkiak lantzeko aukera ematen digutelako. Euskalkiek hizkuntza aberasten duten moduan, ikasleen hizkuntza aberasteko aukera eskaintzen digu proiektu honek. Gainera, auzo erdaldunetan bizi diren ikasleek beharbada ez dute sekula euskalkirik entzun. Grabazio hauek, bat-bateko elkarrizketetan oinarritzen dira eta batez ere, pertsona nagusiek hitz egiten dute. Belarria ohitzeko grabazio interesgarriak dira.

Ahotsak proiektuak, badauka “Gazte Gara Gazte” beste proiektu bat. Kasu honetan, Euskal Herriko gazteei eginiko elkarrizketak biltzen dituena. Elkarrizketa hauetan, 16-40 urte arteko pertsonek hartu dute parte eta lurraldearen arabera antolatuta daude. Elkarrizketa hauetan, batez ere bi gai lantzen dira: aisialdia eta hizkuntza.