thought-28677_1280 - copia

Webgunean zehar ahozko hizkuntza lantzeko jarduerak eta ideia desberdinak proposatzen dira. Jarduera hauek irakasleak ahozkotasuna landu nahi duenean erabiltzeko prestatu dira. Baina proposamen hauek aurrera eramateko denbora aurkitu beharko du irakasleak eta zenbait kasutan egingo duena aurrez aldetik prestatu beharko du gainera.

Horregatik, atal honetan egunerokoan ahozkoa lantzeko estrategiak azaldu nahi dira. Izan ere, ahozkoa ez da ikasleekin momentu puntual batzuetan landu beharrekoa. Egunero eta erregulartasun batekin landu beharrekoa baizik. Hori dela eta, irakasleak bere egunerokoan ahozko hizkuntza lantzeko gomendio batzuk eman nahi dira. Baralo (2000) autoreak, ahozko komunikazioak egunerokotasunean indarra galtzen ari dela azpimarratzen du. Gizartearen ohiturak aldatzen ari dira eta gero eta nabariagoa da teknologia berrien eragina. Zentzu horretan, telebistak eta beste euskarri batzuek indarra hartzen ari direla aipatzen du; ahozkoa hizkuntzari oztopoak jarriz.

Ozaeta (2007) irakasleak, gizarteak gero eta trebezia handiagoa eskatzen digula ahozko adierazpenaren arloan aipatzen du. Gaurko gizartean beharrezkoa izanik “ondo hitz egitea”. Garrantzitsua da jendaurreko hitzaldiak egitea, debate batean parte hartzea, disertatzea, akordioetara iristea. Eta hizkuntza bat garatuko bada, funtsezkoa da gutxienez hizkuntza hori hitz egitea. Beraz, ahozkoa lantzeko ariketatxoak tartekatu behar dira hezkuntza prozesuan. Ariketa hauek beste gaitasun batzuekin batera landu daitezke eta edozein ikasgaietan aplikatzeko modukoak izan behar dira. Estrategia hauek ezagutu eta aukera dagoen momentuan hauek martxan jartzean dago gakoa. Irakasle bakoitzak bere estrategiak propioak izan ditzake eta hauek ahozkoa lantzeko baliagarriak badira askoz hobe.

Asko dira ahozkotasuna lantzeko gelan egin ditzakegun ariketa desberdinak. Hurrengo zerrenda honetan, eskoletan ikusitako adibideak eta irakasleek egindako ekarpenak hartu dira abiapuntu moduan:

Ideien zaparrada: Zerbait proposatu behar denean, ikasleen artean erabaki bat hartu behar denean edo zalantzak daudenean erabili daitekeen estrategia interesgarria da. Modu honetan, talde handian ikasleek haien iritziak eta ekarpenak egingo dituzte. Horrela, ideiak partekatu eta adostasun batera heltzea lortu dezakete ikasleek. Parte hartzera eta ekarpenak egitera bultzatuko ditugu ikasleak. Teknika hau edozein ikasgaietan erabili daiteke.

Elkarrizketak/Solasaldiak: Ikasleen arteko elkarretaratze hauetan, gai desberdinei buruz hitz egiten da. Ikasleek haien iritziak ematen dituzte eta gainerakoek hitz egiten dutenean txandak errespetatzen ikasten dute. Ideiak kontrajartzen direnean, ikasleek argumentatzen ikasi behar dute.

Ikas komunitateak, tertulia edo solasaldi dialogikoa delakoa bultzatzen du. Liburu klasiko bat aukeratu eta irakurritakoaren inguruan hitz egiten dute ikasleek. Lekeitioko eskola publikoak (2012) bakarka egiten den irakurketa aberastu egiten dela aipatzen du. Liburua abiapuntu hartuta, irakurleek beren artean dituzten elkarreraginak dira funtsa. Hortaz, irakurketa dialogikoak, literatura partekatutako plazer bihur­tzeaz gain, elkarrekin hausnartzeko eta elkarrengandik ikasteko balio duela azpimarratzen du.

Galderak eta erantzunak: Ikasleei galderak planteatzea ahozkotasuna lantzeko estrategia interesgarria izan daiteke. Eduki desberdinen inguruan hausnartzeko aukera ematen diegu eta ikasleek arreta mantentzen dute gainera. Horretarako, irakasleak galdera egokiak planteatu behar ditu momentu bakoitzean. Ikasleak jarrera aktibo bat izateko estrategia izan daiteke. Ozaeta (2007) irakasleak, ikasleen parte hartze eskasaz hurrengoa dio: “Kexu gara ez dutelako parte hartzen, galdetuta isilik geratzen direlako, “bai”, “ez”, “bost”, “gorria” erantzuten dutelako. Baliteke portaera horiek txikitatik barneratzen dituzten errutina batzuekin loturik egotea, gure eskolaren kultura batekin… Gelako interakzio mota aldatuz, irakasleak gelan beste rol bat hartzean, ikasleek aukera gehiago dute parte hartze luzeago eta konplexuagoak egiteko (konplexuagoak diskurtsiboki, morfosintaktikoki, kognitiboki)”.

Gatazken konponbidea: Egunero ez bada, astero izaten da egoera gatazkatsuren bat eskolan. Gatazka hauek aitzaki ezin hobeak dira ahozkotasuna lantzeko. Gertatutakoari buruz hausnarketa txikiak edo eztabaidak sustatu ditzakegu eta aldi berean, liskarrak konponduko ditugu. Ikasleek arrazoitzen ikasten dute eta gertatutakoaren inguruan gogoetak egiten dituzte. Irakasleak gidari edo moderatzaile rola hartu behar du eta ikasleak izan behar dira eztabaida hauen protagonista nagusiak. Horretarako, txandak eta iritziak errespetatzen ikasi behar dute.

Azalpenak sustatu: Ikasgai desberdinetan ikasleek egiten dutena azaltzea komenigarria da. Modu honetan, eduki desberdinak benetan ulertu dituzten ala ez jakiteko aukera ematen digu. Matematikan adibidez, problemen ebazpenak azaltzeko eskatu ahal diegu. Naturan, berriz, prozesu desberdinak deskribatzea eta hizkuntzan irakurritakoa laburbiltzea. Ekintza hauek, ahozkotasuna lantzeko balio dute eta edukiak hobeto barneratzen laguntzen die.

Adibidez, asteburuan egindakoa talde txikietan komentatzeko eskatuko diegu. Horrela, bakoitzak egindakoa kontatuko die gainerakoei. Gero irakasleak ikasle bakoitzari galdetuko dio beste batek asteburuan egindakoa azaltzea. Modu honetan, taldekideen azalpenak arreta handiz entzun beharko dituzte gero irakasleari kontatzeko.

Parte hartzea bultzatu: Irakasleak ikasleak azalpenak ematera bultzatu behar ditu. Horretarako ikasleen interesak ezagutu eta hauek aprobetxatu behar ditu ikasleak hitz egitera bultzatzeko. Ahozko hizkuntza irakasgai guztietan landu beharrekoa da, bai esanahiak negoziatzeko bai ezagutzak eraikitzeko. Ikasleak gainerakoen aurrean hitz egiten ohitu behar dira eta horretarako ezinbestekoa da elkarrizketak sustatzea. Azken batean, irakaslearen eta ikasleen arteko hartu-emana egotea ezinbestekoa da eta.

Bibliografia

Baralo, M. (2000). El desarrollo de la expresión oral en el aula de Español/LE. Carabela, 47, 5. Hemendik hartua: http://www.nebrija.com/revista-linguistica/files/articulosPDF/8.Baralo1.pdf

Lekeitioko eskola publikoa (2012). Literatura klasikoa ikasleen eskura. Hik hasi, (169), 24-26. Hemendik hartua:  http://www.hikhasi.eus/artikulua/2039

Ozaeta, A. (2007). Ikasleek ez dute esperientziarik ahozko hizkuntza jasoan hitz egiteko. Ahozko aurkezpenik apenas egiten da eskola garaian. Zer ondorio ditu horrek? Nola saihestu hori?. Hik hasi, (123). Hemendik hartua:  http://www.hikhasi.eus/artikulua/1538