thought-28677_1280

Ahozkotasuna eskolan

Komunikazioaren gizarte moderno honetan, hiztun batek egun bakar batean hainbat pertsonarekin komunikatu behar du: laguna agurtzeko, batzuetan adarra jotzeko, beste batzuetan haserrea adierazteko, lan egiteko, jendaurrean aurkezpen bat egiteko… eta horretarako ahozko adierazpena landu beharra dago. Sanchez-Canok (2009) dioen bezala, pertsonen hitz egiteko moduak asko esaten du norberaren identitateari buruz. Azken finean, gure adierazteko moduak, erabiltzen dugun lexikoak eta komunikatzeko daukagun segurtasunak gure nortasuna definitzen dutelako.

Bide horretan, hizkuntzak berebiziko garrantzia dauka. Izan ere, hizkuntza hiztunarentzat bitarteko bat da, errealitateari aurre egiten laguntzen diona eta norberaren pentsamendua egituratzen duena. Pinker (1994: 9) hizkuntzalari eta zientzialariak hizkuntzaren inguruko hurrengo gogoeta egiten du: “Hizkuntza hain dago giza esperientziaren enborrean txertatua, non zaila baita hura gabe bizitzarik irudikatzea”. Era berean, norekin hitz egin ez daukagunean, geure buruari edota animaliei hitz egiten diegula nabarmentzen du. Autorearen hausnarketa honetatik, hizkuntza ingurukoekin eta baita norberarekin komunikatzeko ezinbesteko tresna dela ondorioztatu daiteke. Horregatik, ikasleek hizkuntza ikasteko, erabiltzeko eta ulertzeko trebetasunak landu behar dituzte aipatu diren gizarte-harremanak sendotzeko. Halaber, ikasleak gizartean integratzeko moduko hiztunak hezi behar ditugu eta horretarako, prestakuntza maila egokia eman behar diegu.

Orain arte, eskolan euskarazko hizkuntza idatziari ahozkoari baino garrantzi gehiago eman zaio eta horren inguruko gogoetan egiten du Idiazabal (2005) hizkuntzalariak ahozkotasunari buruz eginiko elkarrizketa batean. Eskolak ez diola ahozkoari garrantzirik eman, ez euskaraz, ez gaztelaniaz aipatzen du. Baina gaztelania mintzatzeko gaitasuna beste bide batzuetatik lortzea errazagoa dela askorentzat azpimarratzen du. Izan ere, asko dira eskolatik kanpo gaztelaniaz aritzen diren ikasleak. Euskararen kasuan, berriz, testuinguru erdaldunetan ez dago ahozkoa lantzeko aukerarik. Horregatik, hizkuntza bakoitza modu biziagoan erakutsi behar dela aipatzen du. Eskola izanik, hizkuntzak zein baliagarriak diren irakasteaz arduratu behar dena.

Zentzu horretan, Ibarluzeak (2010: 52) eskolak azken urteetan egindako hizkuntzaren transmisioari buruz hurrengoa dio: “ikasgelara ekarri den hizkuntza eredua idatzia izan da gehienetan … eta ikasleak idatzizkoaren arauekin eta ezaugarriekin hezi izan dira, kontuan hartu gabe eredu idatzia eta ahozkoa kode ezberdinak direna”. Hori dela eta, ahozkoak orain arte baino gehiago lantzea eskatzen du. Ahozko hizkuntza, hizkuntza idatzia lantzea bezain garrantzitsua da. Hizkuntza bat bere osotasunean jakiteko dimentsio guztiak lantzea ezinbestekoa da. Hizkuntza idatzia lantzen jarraitu behar da baina ahozkoari ateak ireki behar zaizkio hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna behar den moduan landu nahi bada.

Ahozkotasuna lantzearen beharra

Heziberri (2020) planaren barneko 236/2015 dekretuan, komunikaziorako konpetentzia guztiz garatzeko hizkuntza-trebetasunak lantzearen garrantzia azpimarratzen da. Zentzu horretan, komunikaziorako konpetentzia garatzeko ahozko komunikazioaren hurrengo edukiak lantzea eskatzen du: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea. Azken finean, ikasleak hizkuntza erabiltzeko gaitasuna garatu behar du, testuinguru desberdinetan egoeren aurrean erantzuteko eta pertsonen arteko harremanak indartzeko. Dena den, hizkuntza-erabileraren bi alderdiak, bai ulerkuntza eta bai ekoizpena, integratu behar direla aipatzen du.

Ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasunak ahaztuak izan dituela gure eskola-sistemak aipatzen du 236/2015 dekretuak. Eskolan gehiago landu da idatzizkoaren eremua eta horren ondorioz, ahozkoari ez zaio behar besteko garrantzia eman. Gainera, auzoa erdalduna izanik, eskolatik kanpoko testuinguru desberdineko komunikazio-egoeretan ikasleek gazteleraz egiten dute, hizkuntza horretan gaitasunak garatuz. Baina eskolan ez baditugu euskarazko komunikazio egoera horiek guk geuk sortzen, ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasun horiek landu gabe geldituko dira.

Horregatik, gaur egun ikasgela barruan irakasleek erabiltzen dituzten dinamikak aztertu behar dira. Gehienetan hizkuntza trebetasun jakin batzuk, irakurketa eta idazketa, izaten direlako lantzen diren bakarrak. Baina komunikazioa lantzeko prozedurak landu behar dira, hau da ahozkotasunaren kasuan, mintzamena eta ahozko elkarrekintza. Hori dela eta, azken hauek lantzera bideratuta dauden ekintzak proposatu behar dira.

Hortaz, ahozkoa barne hartzen duten dimentsio horiek hobetzeko, hizkuntza erabili behar den testuinguru atsegin bat sortzea ezinbestekoa da. Hizkuntza ikasteko prozesu horretan, pizgarriak sortu behar dira. Baliabide praktikoak, funtzionalak eta baliagarriak diseinatu. Material desberdina tartekatuz, ahozko komunikazioa hobetzen lagunduko duen bidea eraiki behar da. Ahozkotasuna lantzeko ekintzekin, ez da hainbeste informazio pilatzen eta ingurukoekin dituzten hartu-emanak bihurtzen dira ikaskuntza prozesuaren ardatz.

Cassany et al. (1994) autoreek dioten moduan, aspaldi ikasleek hitz egiten eta komunikatzen euren kabuz ikasten zutela eta eskolak ez zuela eremu honetan lan egin behar uste zen. Baina gizartea aldatzen ari da eta beharrizanak aldatzen diren moduan, ikasleen ahozko hezkuntza irakasteko modua aldatu beharra dago. Dena den, Garziak (2008) euskaldunek hizkuntzaren sistema ezagutzen dutela baina ez dakitela nola erabili hizkuntzaren tresna aipatzen du. Primeran ikasten dutela euskara eskolan dio baina irakatsi zaien euskarak ez diela bizitzeko balio azpimarratzen du. Beraz, ahozkoa lantzeko egoerak sortu behar dira eta hizkuntza erabiltzen den testuinguru motibagarriak eta praktikoak proposatu. Azken finean, hizkuntza erabiliz ikasten eta hobetzen da eta. Erabiltzen ez bada, ordea, adierazteko eta komunikatzeko gaitasunak mugatzen dira eta ikasleek motibazioa galtzen dute ez dutelako inolako praktikotasunik ikusten. Horretarako, ikasleen interesetatik gertu dauden egoerak planifikatu behar dira. Testuinguru horietan ahalik eta erosoen sentitzeko eta iritzi kritikoa garatzeko.

Irakasleari dagokio ariketa hauek aukeratu eta ikasleak errealitatera hurbilduko dituen egoerak sortzea. Hasieran, komunikazioaren gizartea aipatu dugu eta hala da. Larreak eta Vitoriak (2009) aipatzen duten moduan, inoiz baino komunikabide gehiago daude gaur egun eta teknologiek inoiz baino aukera gehiago eskaintzen dizkigute komunikatzeko. Beraz, komunikazio tresnez inguratuta gaudela onartu behar dugu. Horregatik, tresna horiez baliatuz gizarteko erronka berriei aurre egingo dieten ikasleak heztea izan behar da hezkuntzaren helburu nagusia.

Bide horretan, Informazio eta Komunikazio Teknologiak hezkuntzan integratzea ezinbestekoa da. Larreak eta Vitoriak (2009) ikasleak aktiboago eta motibatuago egoteko aukera ematen digutela aipatzen dute. Talde lana eta diziplinartekotasuna lantzeko aukera eskainiz. Azken finean, ohiko materiala beste modu batean lantzeko abanikoa zabaldu egiten da. Ahozkotasuna lantzera bideratuta, errekurtso eta euskarri desberdinak agertzen dira ikasleekin lantzeko. Argazkiekin, bideoekin, audioekin, grabazioekin, bikoizketekin… lan egiteko aukera ematen digute eta ahozko hizkuntza lantzeko bide berriak agertzen dira.

Azterketa hau egin eta gero, ahozkotasuna lantzeko materiala sortzen jarraitzea behar-beharrezkoa dela ondorioztatzen da. Izan ere, komunikazioaren gizarte honetan ikasleek ahozkoa lantzeko estrategiak garatzea ezinbestekoa da.

Bibliografia

  • Cassany, D., Gloria, S. eta Luna, M. (1994). Enseñar lengua. Bartzelona: Graó.
  • Garzia, J. (2008). Jendaurrean hizlari: (Ahozko) komunikazio gaitasuna lantzeko eskuliburua. Irun: Alberdania.
  • Hezkuntza, hizkuntza politika eta kultura saila. (2016). 236/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena: Heziberri 2020. Helbide honetatik berreskuratua: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2016/01/1600141e.pdf
  • Ibarluzea, M. (2010). Ahozkotasuna eta hezkuntza: Ahozkotasuna lantzeko materialak garatzea. Ahoa bete hots, 51-61.
  • Idiazabal, I. (2009-11-23). Elkarrizketa: Arauak emanez ez da hizkuntza erabiltzen ikasten. Diario Vasco. Helbide honetatik berreskuratua: http://www.diariovasco.com/20091123/cultura/arauak-emanez-hizkuntza-erabiltzen-20091123.html
  • Larrea, I. eta Vitoria, J. R. (2009). IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia. Jakingarriak, (65), 18-25.
  • Pinker, S. (1994). Hizkuntza-sena. Zarautz: Ehupress.
  • Sánchez-Cano, M. (2009). La lengua oral y la conversación en el aula. In Sánchez-Cano, M. (koord.), La conversación en pequeños grupos en el aula (13-39). Bartzelona: Graó.