Albisteak

news-426892_1920Gaur egun euskarri desberdinetan aurkitu daitezke albisteak: egunkarietan, aldizkarietan, egunkari digitaletan, telebistan…  eta ikasleek euskarri hauek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte. Gainera, egunero izaten da lagunekin zein familiarekin komentatzeko gertaera edo albisteren bat. Ideia hau, gelara nola eraman daitekeen azaltzen saiatuko gara hurrengo lerroetan.

Nola landu Lehen Hezkuntzan?

Komunikazioaren gizarte honetan, ikasleek iturri eta euskarri desberdinetatik informazioa eskuratzen dute. Horregatik, informazio hori eskolara eramatea eskatuko zaie planteatuko dugun ekintza honetan. Sarritan, eskola errealitatetik aldenduta edo isolatuta dagoela ematen du. Hori dela eta, albisteak errealitatera hurbiltzeko eta gaur egungo gaiei buruz hitz egiteko atea izan daitezke.

Proposatuko den ekintza honetan, egunero ikasle batek edo bik (irakaslearen esku dago kopurua aukeratzea) albiste bat eramango dute gelara. Egun bakoitzean, ikasleak txandakatuko dira (irakasleak zerrenda erabili dezake). Albiste hauek eskuratzeko, nahi duten euskarria erabili dezakete baina al den neurrian albistea eguneratua izatea komeni da. Badira etxerako lanen aurka dauden irakasle eta gurasoak baina ariketa honek 10 minutu bakarrik eskatzen dituela esan beharra dago. Gurasoek ere parte hartu dezakete albistearen berri emanez. Helburua, hurrengo egunean albistea ikaskideen aurrean azaltzea izango da.

Irakasleak ikasleen azalpenak entzun eta solasaldi bat sortzeko galderak planteatu beharko ditu. Ez da gehiegi luzatu behar. Iritzi desberdinak partekatu eta azalpen edo gogoeta batekin amaituko du solasaldia irakasleak.

Zer lantzen da?

Jendaurreko mintzamena lantzen dugu. Ikasleek albiste bat inguruan hitz egin beharko dutelako ikaskideen aurrean. Erabiliko duen hizkera, tonua eta jarrera zaindu beharko ditu. Ematen diren azalpenak ulergarriak izan behar dira eta ideien arteko loturak egin beharko ditu. Gainera, egoera errealak aztertuko dira eta solasaldi txikiak antolatzeko aukera emango digute. Gure gizartea eta munduko errealitatea ezagutzen laguntzen digu.

Denboralizazioa

Egunero, 15 minutu baino ez dira behar ekintza hau praktikan jartzeko.