Bideoak eta ahozkotasuna

movies-1262361_1920

Nola landu Lehen Hezkuntzan?

Lehen Hezkuntzako ikasgeletan gero eta arruntagoa da eskolak ematerako orduan gaiarekin lotuta dauden bideoak irakaslearen azalpenekin tartekatzea. Modu honetan, ikasleen motibazioa mantentzen dugu eta ezagutzak bereganatzeko beste baliabide bat eskaintzen dugu. Baina kasu honetan, ahozkotasuna lantzeko bideoak nola kudeatu ditzakegun azalduko dugu ondorengo lerroetan.clapperboard-162084_1280

Edozein bideo erabili dezakegu ahozkoa lantzeko baina egia da batzuk aproposagoak direla beste batzuk baino. Batez ere, hausnarketa eta pentsatzea eragiten dutenak izaten dira egokienak. Dena den, guztiak erabili ditzakegu ikasleekin solasaldi edo eztabaida didaktikoak sortzeko.

Bideoak lantzeko, lehenik eta behin pausu batzuk zehaztu behar ditugu. Irakasleak landu nahi duenaren inguruko bideoak bilatuko ditu eta gelara eraman aurretik bideoa ikusi eta nola landuko duen aztertu beharko du. Bideoaren zatirik interesgarrienak edota indartsuenak identifikatu eta  puntu horietan zer galdetu nahi dugun edo zer eskatu nahi dugun pentsatuko dugu. Hausnartzeko galderak luzatu ditzakegu eta edukiekin lotzeko aukera ezin hobea izan daiteke. Irakaslearen esku dago bideoa komentatzeko, ikasleak talde handian edo talde txikietan banatzea. Urrats hauek edozein bideo lantzera bideratuta daude. Horregatik, ematen diren aholkuak orokorrak dira. Gero, irakasleak bideoaren arabera zehaztuko du bere metodologia. Komenigarria da bideoak laburrak izatea interesa mantentzeko eta ikasleak ez lokartzeko.

Adibidea: Demagun unibertsoa eta eguzki sistema gaia lantzen ari garela eta gaian zehar agertzen diren edukiak biltzen dituen bideo bat aurkitu dugula. Irakasleak bideoa ikusi eta ikasleekin bideoa nola landu dezakeen pentsatu beharko du: bideoan agertuko diren azalpenak lehenago haiei pentsarazi, agertuko diren eduki berrien inguruan galdetu hauek bideoan azaldu aurretik, iritzia eta hausnarketa bultzatu…

Zer lantzen da bideoekin?

Ikus-entzunezko baliabide honek, ikasleekin ahozkotasuna lantzeko aukera desberdinak ematen dizkigu. Alde batetik, ikusten dutenaren inguruan hausnartu eta iritzia ematen dutelako eta bestetik, solasaldi eta eztabaidak sortzeko aukera ematen digutelako. Bideo labur bat, eztabaida luze baten aitzakia izan daiteke. Zer esanik ez, irudimena eta ulermena lantzeko ere baliagarriak direla.

Komunikazio gaitasuna lantzeko bidean, entzumena ahozkoa lantzea bezain garrantzitsua da. Bideoek, entzumena beste modu batean lantzeko aukera ematen digute. Ikasleak ohituta daude irakaslearen azalpenak entzutera, beraz, aberasgarria da beste pertsona batzuek hitzak entzutea. Azken batean, nahiz eta ez ulertu, belarria ohitu egiten dute, hitzak identifikatu eta  buruan gordetzen dituztelako.