Bikoizketa

audio-779410_1280

Lehen Hezkuntzako ikasleekin bikoizketa tailer bat aurrera eramatea, jarduera entretenigarria eta baliagarria izan daiteke. Umeei asko gustatzen zaie imitatzea eta gauza berriak asmatzea. Horregatik, proiektu hau aitzakia ezin hobea izango da ikasleekin ahozkotasuna lantzeko. Horretarako, haien interesetatik hurbil dauden bideoak aukeratuko ditugu eta ikasleek bideo hauentzako elkarrizketa berriak asmatu beharko dituzte. Elkarrizketa hauek pertsonaia bakoitzak hitz egiten duen momentuarekin bat etorri beharko dira. Hortaz, bikoizketa-bideo bakoitzerako gidoia prestatu beharko da. Modu honetan, ikasle bakoitzak esan behar duena eta noiz esan behar duen argi gelditu behar da.

Proiektuaren nondik norakoak

Proiektu honetan aukeratzen duten bideo baten bikoizketa egin beharko dute ikasleek. Proiektua hau burutzeko ikasle guztien parte hartzea behar da eta horretarako motibazioa piztu beharko dugu. Proiektu hau Lehen Hezkuntzako ziklo guztietan aurrera eramateko pentsatuta dago. Dena den, bikoizketa txukun bat egiteko ezinbestekoa da ikasleek trebetasun batzuk garatuak izatea. Era berean, ikasleen arteko koordinazio eta elkarlana eskatzen du. Horregatik, segun eta zein ziklotan landu nahi dugun ikasleak zein puntutaraino inplikatu daitezkeen aztertzea garrantzitsua da.

Tailer honen bitartez, ikasleek ahozkotasuna lantzea lortu nahi da. Horretarako proiektuaren zehaztasun guztiak emango dira hurrengo lerroetan.

Gaitegia

Heziberri (2020) planaren barneko 236/2015 dekretua aztertu eta gero, irratsaioarekin hurrengo eduki multzoak landuko dira:

EUSKARA ETA LITERATURA, ETA GAZTELANIA ETA LITERATURA

  1. eduki multzoa. Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea.
  2. eduki multzoa. Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea.
  3. eduki multzoa. Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta.

ARTE HEZKUNTZA

  1. eduki multzoa. Arte-adierazpen plastiko eta bisualak ekoiztea, espresatzea eta sortzea.

BALIO SOZIAL ETA ZIBIKOAK

  1. multzoa. Elkar ulertzea eta errespetua pertsonen arteko harremanetan.
  2. multzoa. Bizikidetza eta gizarte-balioak.
Gaitasunak

236/2015 dekretua aztertu eta gero, proiektuarekin landuko diren gaitasunak hauek dira:

Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia: Ikaslearen ahozko adierazpena hobetzeko aukera ematen digu bikoizketa proiektuak. Izan ere, esaten denak ez ezik, esaten jakiteak ere ezinbesteko garrantzia du informazioa besteei helarazteko orduan, eta hori da komunikabideen helburu nagusia: pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzea.

Teknologiarako konpetentzia: Produktu eta sistema teknologikoak zentzuz erabiltzea eta garatzea, jakintza teknikoak eta gai­nerako adarretako jakintzak era metodiko eta eraginkorrean aplikatuta, interesa duten egoerak ulertzeko eta konpontzeko edota produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko, eta lortutako emaitzen berri ematea, hobekuntza-prozesuekin eta erabakiak modu arduratsuan hartzeko prozesuekin jarraitzeko.

Konpetentzia sozial eta zibikoa: Ingurunea ezagutzeko ezinbesteko tresna da hitza. Izan ere, berbaz adierazten ez den arte ez da jakiten ea umeak kontzeptu bat ikasi duen ala ez. Era berean, hitza erabiliko du ikasitakoa besteei adierazteko, hau da, komunikatzeko.

Lan zama

Proiektua hasi aurretik ikasleei bikoizketa zer den azaldu behar diegu. Modu honetan, gaian kokatu eta zalantzak argituko ditugu. Horretarako, sarean dauden bideoak erabili daitezke azalpen eta adibide bezala.

Bikoiztaile gazteak

Bikoizketa tailerra, 2. mailako ikasleak (CEIP VARIA, Logroño)

Ikasleekin gidoiak prestatu, bikoizketa grabatu eta posible izango bazen azken saio batean guztiak aurkeztea izango zen helburua. Proiekturekin hasi aurretik, egongo diren zereginak banatu beharko ditugu ikasleen artean. Baina horretarako erabiliko ditugun bideoak aukeratu beharko ditugu. Izan ere, bikoizketa egiteko bideo desberdinak erabiltzea posible da: bakarrizketak, albiste bati ahotsa jarri, pelikuletako eszenak, marrazki bizidunak, iragarkiak, bideo bat aukeratu bizipen bat kontatzeko… Dena den, aukeratzen diren bideoak ezin dira 2 minutu baino luzeagoak izan.

Ikusi daiteken moduan, bikoizketek aukera desberdinak ematen dizkigute. Horregatik, hasi aurretik argi utzi behar da zein bideo motarekin lan egingo dugun. Ikasleek ere, proposamenak egiteko aukera daukate. Hortaz, irakasleak ikasleekin adostu beharko du zeintzuk izango diren landuko dituzten bideoak. Behin hauek aukeratu dituztenean gidoi bat idatzi behar dela azalduko die. Talde bakoitzak prestatuko duena idatzita jaso beharko dela argi utzi behar da. Gero hauek bikoizketa grabatzerako orduan erabiltzeko eta bakoitzak segundo bakoitzean esan beharrekoa argi uzteko.

Ikasleek, bideoa ikusi eta elkarrizketa asmatu beharko dute. Horretarako, pertsonaia bakoitzak hitz egiten duen denbora eta unea kontuan hartu beharko dira. Gero grabazioak egiterako orduan eta bideoak muntatzerako orduan emaitzak zentzua izan dezan. Bikoizketa egiteko eta grabatzeko, eskolak dituen baliabideak erabiliko dira. Grabaketa egiteko grabaketa-estudio bat izatea litzateke egokiena baina eskola gehienetan ez da izaten horrelakorik. Grabaketa-estudio batean, nahasketa-maiak, mikrofonoak, grabatzaileak, anplifikadoreak… aurkitzen dira. Baina kasu honetan, bikoizketa egiteko erarik sinpleena azalduko da.

Oso garrantzitsua da lizentzien kontua ondo menperatzea. Izan ere, sarean eskura dauden bideo asko ez dira libreak eta beraz, ezin dira editatu ezta deskargatu. Horregatik, libreak diren bideoak aukeratzea da lehen urratsa. Horretarako, youtubek eskaintzen digun bilaketa aurreratua erabiliko dugu. Bertan, eginbideak atala bilatu eta Creative Commons atalean klikatuko dugu. Horrela, bilatzen ditugun bideoak libreak izango dira. Hauek deskargatzeko badira sarean helbide eta programa desberdinak:

– Free Youtube to Mp4 converter

Clip Converter

Aplikazio hauekin youtuben dauden bideoak deskargatuko ditugu. Behin ikasleek gidoia prest daukatenean ahotsak grabatu beharko dira. Horretarako gelan ordenagailu bat sartuko dugu edo gelan bertan dagoena erabiliko dugu. Ezin dugunez grabaketa- estudiorik izan, ordenagailua bera bihurtuko dugu soinuak grabatzeko eta nahasteko sistema. Ordenagailuak, soinu sarrera eta irteera edukitzea ezinbestekoa da. Soinua editatzeko programa bat ere beharko da (Adobe Audition, Audacity, Adobe Premier Pro edo antzeko beste bat). Durangoko Berritzegunekoek Audacity programa erabiltzeko tutorial hau daukate eskegita.

Bi aukera daude: gidoia jarraian grabatzea bideoa aurrean daukagula edo ahotsak banan-banan grabatu eta gero bideoan zehar hauek uztartzea. Beharbada segun eta ze bideo mota aukeratu dugun aukera bat edo bestea erabili dezakegu. Dena dela, ahotsak eta bideoa editatzeko aski ezaguna den Movie Maker programa erabili dezakegu. Bideo originalari ahotsa kendu eta grabatutako ahotsak txertatu ditzakegu.

Lehenengo eta bigarren zikloan, irakaslea arduratu beharko da bideoak editatzeaz. Baina hirugarren zikloan ikasleak izan daitezke prozesu guztiaren sortzaileak. Horretarako, irakasleak saio bat prestatu beharko du bideoak nola editatzen diren azaltzeko.

Proiektua burutzeko aurretiko ezagutzak

236/2015 dekretuak, irakasleak hainbat tresna digital eta zenbait baliabide maiztasunez eta konfiantzaz erabiltzeko gai izan behar duela azpimarratzen du. Hau da, askotariko formatu, plataforma eta ingurunetan eduki digitalak sortzeko gai izan behar du eta tresna digitalak erabiltzen jakin behar da produktu multimedia ori­jinalak sortzeko eta lehendik dauden edukiak uztartu eta eduki berriak sortzeko. Izan ere, bideoak deskargatzeko eta grabaketak egiteko kapaz izan beharko da irakaslea. Horretarako, beharrezkoak diren programak aztertu eta arakatu beharko ditu.

Ikasleei dagokienez, sormena eta irudimena garatzea beharrezkoak izango dira irratsaioen edukiak asmatzeko (agurrak, erreportajeak, elkarrizketak, iragarkiak…). Ikasleek informazioa bilatzeko, biltzeko, hauta­tzeko eta prozesatzeko trebetasunak izan behar dituzte. trebetasun horiekin ikasleak komunikazio-xedeak dituzten hainbat testu mota ulertzeko, balioesteko eta sormenez ekoizteko gai izan behar dira.

Taldeko partaideen kopurua eta taldeak sortzeko era

Komenigarria da 3 pertsonako taldeak osatzea. Talde bakoitzari bideo bat emango zaio eta bikoizketa egiteko bere gidoia prestatu beharko du. Irakaslea gidaria izango da eta talde bakoitzari beharrezkoak diren gomendioak emango dizkio. Taldekideen arteko koordinazioa ematea ezinbestekoa da azken emaitzak zentzua izan dezan. Oso garrantzitsua da elkarrizketa guztiek zenbat irauten duten neurtzea.

Plangintza

Irratsaioa 6 saiotan burutzeko pentsatuta dago:

  1. saioa: Aurkezpena eta bideoak banatu.
  2. saioa: Talde bakoitzak tokatu zaion bideoan zer kontatuko duen pentsatu eta idazten hasi.
  3. saioa: Idazten jarraitu. Bideoa behin eta berriz ikusi elkarrizketen denbora neurtzeko.
  4. saioa: Elkarrizketak amaitu. Bakoitzak esango duena noiz eta nola esango duen prestatu.
  5. saioa: Ahotsak grabatu.
  6. saioa: Bideoak muntatu eta hauek aurkeztu.
Proiektu hau burutzeko beharrezko materiala
  • Ordenagailuak
  • Bideoak eta hauek deskargatzeko programak
  • Audacity programa
  • Movie Maker programa
  • Mikrofonoa (izatekotan), bestela ordenagailuarena
  • Papera
  • Boligrafoa
  • Umeen ahotsak

Eskoletan egindako bikoizketen adibideak:

The Good, The Bad and The Ugly (2. mailako ikasleak)

Toy Story (3. mailako ikasleak)

Star Wars (6. mailako ikasleak)

Karibeko piratak (4. mailako ikasleak)

Adibide gehiago ikusteko klikatu hemen.

Bibliografia

Hezkuntza, hizkuntza politika eta kultura saila. (2016). 236/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena: Heziberri 2020, 2016-04-14ean hartua, hemendik: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2016/01/1600141e.pdf