Debatea

team-971345_1920

Ahozkoa lantzeko aukera paregabea eskaintzen digu debateak. Azken batean, ikasle guztiak desberdinak dira eta gai baten aurrean iritzi desberdinak izan ditzakete. Horregatik, iritzi horiek euren artean elkartrukatzea aberasgarria da.

Nola landu Lehen Hezkuntzan?

Irakasleak debaterako gaia aurkeztuko die ikasleei. Horretarako interesgarria eta erakargarria den gai bat proposatu beharko du. Ikasleen intereseko gaiak edo pil-pilean dauden gaiak aukeratzen badira hobe. Gaia zaila izan daitekeela ikusten badu, etxean honen inguruan zerbait irakurri dezatela proposatu dezake.

Ikasleak 4 taldetan banatuko ditugu. 2 talde, alde egongo dira eta beste bi taldeak kontra. Ikusten badugu gehienak alde batean kokatzen direla, papertxoak egin eta zozketa bidez egingo dugu. Modu honetan, defendatu nahi ez duen ideia bat tokatu ahal zaio ikasleren bati eta estrategia berriak garatu beharko ditu horretarako.

classroom-1297779_960_720Talde txikietan argudioak eta zergatiak pentsatu ondoren, pentsaera desberdineko taldearekin elkartuko ditugu. Debatea sortuko da eta bakoitzak bere jarrera defendatu beharko du. Dinamika bera talde handian egin daiteke, irakaslea moderatzailea izanik. Saioarekin amaitzeko, irakasleak entzundakoari buruz bere iritzia emango du eta hausnarketa batekin amaitu dezake saioa.

Beste aukera bat, ikasleak 5 taldetan banatzea da eta talde bakoitzari debaterako gai bat ematen zaio. 8 minutu pasatzen direnean, talde bakoitzak hurrengo taldeari pasatu beharko dio landutako gaia eta horrela gai guztiak landu arte. Denbora sobratzen bada, irakasleak galderak planteatu ditzake ikasleen iritziak entzuteko.

Beste aukera bat, talde handian solasaldi bat sortzea izan daiteke. Normalean txandak errespetatzen badituzte eta parte hartze handia erakusten badute, gaia luzatu eta haien artean eztabaidatzen utziko ditugu. Irakasleak, moderatzaile rola hartuko du.

Egia da, gaiaren arabera eta ikasle taldearen arabera antolatu beharko dugula debatea. Hau da, gai batzuekin bat-bateko debatea sortuko dugu eta beste gai batzuekin debatea sakonago landuko dugu.

Gogoratu ekintza hau ahozkotasuna lantzera bideratuta dagoela. Beraz, irakaslearen esku dago gaia aukeratu eta saioa berak nahi duen moduan antolatzea. Hau da, saio gehiago behar baditu ikasleek informazioa bilatu dezaten eta debatea prestatu dezaten (rolak, txandak, … ) irakasleak aukeratzen du. Hemen ematen diren ideiak gomendioak baino ez dira.

Zer lantzen da?

Horrelako dinamiketan, ahozkoa lantzen da. Haien iritzia emateko hitza erabili behar dute eta gainera esaten duten hori arrazoitzeko estrategiak garatzen dituzte. Gainera, iritzi desberdina daukaten pertsonekin eztabaidatzen ikasten dute. Txandak eta besteen iritziak errespetatzen ikasten dute. Azken finean, iritzi desberdineko pertsonekin elkarbizitzen ikasten dute.

Gelakideekin erabakiak kontrastatzeak eta haiekin solasaldi interesgarri bat edukitzeak, motibatu egiten ditu ikasleak. Arrazoitzen ikasten dute eta iritzi kritikoa garatzen dute. Errealitatea ulertzen ikasten dute gogoeten bitartez.

Denboralizazioa

Saio bat.

Debaterako gai batzuk...
  • Eutanasia, bai ala ez?
  • Zer deritzozue haurrak eskolan hezi beharrean etxean hezteari?
  • Bidezkoa al da animalia basatiak maskota bezala edukitzea?
  • Birikako minbizia duen eta bizitza osoan zehar erre duen pertsona batek, transplantea jasotzeko eskubidea al dauka?
  • Elikagai transgenikoen ala elikagai ekologikoak?
  • Kirurgia estetikoa, bai ala ez?
  • Telebista ikusteak, gizartean modu negatiboan eragiten duela uste duzu?
  • Natura zaintzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen al ditugu?
  • Adin txikikoek gurasoen baimena behar dute piercing-a jartzeko. Ados al zaudete?
  • Abortuaren legea. Gure gorputzarengan erabakitzeko eskubidea al dugu?
  • Heriotza zigorra. Bidezkoa al da?
  • Energia nuklearra vs energia berriztagarria
  • Debekatuko al zenuke buru-zapia eskolan erabiltzea?
  • Berotegi efektua ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzen al ditugu?
  • Gose den pertsona batek, janaria lapurtzeko eskubidea al dauka?
  • Ohikoa da animalienganako tratu txarrak ikustea zenbait jai herrikoi eta tradizio zaharreko ekintzetan: zezenketak, Vegako zezenaren tradizioa, idi probak, San Ferminak… Animalien sufrimendua ikuskizun bihurtzea bidezkoa iruditzen zaizue?
  • Adin txikikoek gurasoen baimena behar dute tatuajea egiteko. Ados al zaudete horrekin?
  • Janari lasterra (fast food) ala mediterranear dieta?
  • Zer deritzozue neskak eta mutilak bereizten dituen hezkuntza sistemari?
  • Eskolako uniformea, bai ala ez?
  • Etxerako lanak bidaltzearen alde ala kontra zaudete?
  • Garraio publikoa ala pribatua?