Irratsaioa

radio-158658_1280

Irratsaio bat diseinatzea, oso ekintza dibertigarria izateaz gain, ikasketa-prozesuan erabiltzeko baliabide interesgarria izan daiteke. Gutierrez (2006) irakasleak, hizkuntzen ikasketan irratiaren onurak nabaritzen direla aipatzen du, eta batez ere ahozko adierazpenaren esparruan. Baina zerbait gehiago eskaintzen die ikasleei: alde batetik, kazetari moduan, ingurunea ezagutzea, eta, beste alde batetik, soinu-testuak sortzea, muga bakarra sormena izanik. Gaur egun, eta informazioaren teknologia berriei eta Interneti esker, irratsaio bat sortzeak ez du diru handiko inbertsiorik eskatzen, eta edonork izan dezake halakorik eskolan. Are gehiago, kalitate handiko produktuak egiteko behar den azpiegitura ia dohainik dute eskuragai eskolek. Horregatik, ondo eraturiko gidoian oinarritu behar da irratsaioa, hori baita ahozkotasunaren adierazpen idatzia.

Proiektuaren nondik norakoak

Proiektu honetan irratsaio bat sortu beharko dute ikasleek. Proiektua hau burutzeko ikasle guztien parte hartzea behar da eta esan beharra dago normalean ikasleengan arrakasta handia izaten duela. Proiektu hau Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetan aurrera eramateko pentsatuta dago. Irratsaio txukun bat egiteko ezinbestekoa da ikasleek trebetasun batzuk garatuak izatea. Era berean, ikasleen arteko koordinazio eta elkarlana eskatzen du. Horregatik, segun eta zein ziklotan landu nahi dugun ikasleak zein puntutaraino inplikatu daitezkeen aztertzea garrantzitsua da. Izan ere, irrati-edukiak egokitu beharko dituzte irakasleek, komunikabidea balizko tresna pedagogikoa izan dadin.

Tailer honen bitartez, ikasleek ahozkotasuna lantzea lortu nahi da. Horretarako proiektuaren zehaztasun guztiak emango dira hurrengo lerroetan.

Gaitegia

Heziberri (2020) planaren barneko 236/2015 dekretua aztertu eta gero, irratsaioarekin hurrengo eduki multzoak landuko dira:

EUSKARA ETA LITERATURA, ETA GAZTELANIA ETA LITERATURA

  1. eduki multzoa. Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea.
  2. eduki multzoa. Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea.
  3. eduki multzoa. Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta.
  4. eduki multzoa. Hizkuntzaren alderdi soziala.

GIZARTE ZIENTZIAK

  1. eduki multzoa. Gizartean bizitzea.

ARTE HEZKUNTZA

  1. eduki multzoa. Arte-adierazpen plastiko eta bisualak ekoiztea, espresatzea eta sortzea.

BALIO SOZIAL ETA ZIBIKOAK

  1. multzoa. Elkar ulertzea eta errespetua pertsonen arteko harremanetan.
  2. multzoa. Bizikidetza eta gizarte-balioak.
Gaitasunak

236/2015 dekretua aztertu eta gero, proiektuarekin landuko diren gaitasunak hauek dira:

Hizkuntza eta literatura komunikaziorako konpetentzia: Ikaslearen ahozko adierazpena hobetzeko aukera ematen digu irratsaioak. Izan ere, esaten denak ez ezik, esaten jakiteak ere ezinbesteko garrantzia du informazioa besteei helarazteko orduan, eta hori da komunikabideen helburu nagusia: pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzea.

Teknologiarako konpetentzia: Produktu eta sistema teknologikoak zentzuz erabiltzea eta garatzea, jakintza teknikoak eta gai­nerako adarretako jakintzak era metodiko eta eraginkorrean aplikatuta, interesa duten egoerak ulertzeko eta konpontzeko edota produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko, eta lortutako emaitzen berri ematea, hobekuntza-prozesuekin eta erabakiak modu arduratsuan hartzeko prozesuekin jarraitzeko.

Konpetentzia sozial eta zibikoa: Ingurunea ezagutzeko ezinbesteko tresna da hitza. Izan ere, berbaz adierazten ez den arte ez da jakiten ea umeak kontzeptu bat ikasi duen ala ez. Era berean, hitza erabiliko du ikasitakoa besteei adierazteko, hau da, komunikatzeko.

Lan zama

mixer-226180_1920

Proiektua hasi aurretik ikasleei irratsaioa zer den azaldu behar diegu. Modu honetan, gaian kokatu eta zalantzak argituko ditugu. Ikasleekin gidoiak prestatu, grabatu eta posible bada eskolako megafoniatik entzuteko proiektua dela ulertaraziko diegu.

Proiektuan egongo diren zereginak banatu beharko ditugu ikasleen artean. Gutierrez (2006) irakasleak, irrati-generoen sailkapen hau proposatzen digu: albisteak, musika arduradunak, lehiaketak, elkarrizketak, galdeketak, inkestak, eztabaidak, iragarkiak, erreportajeak, aurkezleak…

Irakasleak ikasleekin adostu beharko du zeintzuk izango diren landuko dituzten generoak. Behin hauek aukeratu dituztenean gidoi bat idatzi behar dela azalduko die. Talde bakoitzak prestatuko duena idatzita jaso beharko dela argi utzi behar da. Gero hauek batu eta irratsaioaren gidoia inprimatzeko.

Irratsaioa grabatu baino saio bat lehenago, entsegua egingo da. Modu honetan, irakasleak talde bakoitzari beharrezkoak diren aldaketak proposatuko dizkio. Irratsaioa grabatzeko, eskolak dituen baliabideak erabiliko dira. Grabaketa egiteko irrati-estudio bat izatea litzateke egokiena baina eskola gehienetan ez da izaten horrelakorik. Irrati-estudio batean, nahasketa-maiak, mikrofonoak, grabatzaileak, anplifikadoreak… aurkitzen dira. Baina kasu honetan, irratsaioa grabatzeko erarik sinpleena azalduko da.

Gelan ordenagailu bat sartuko dugu edo gelan bertan dagoena erabiliko dugu. Ezin dugunez irrati-estudiorik izan, ordenagailua bera bihurtuko dugu soinuak grabatzeko eta nahasteko sistema. Ordenagailuak, soinu sarrera eta irteera edukitzea ezinbestekoa da. Soinua editatzeko programa bat ere beharko da (Adobe Audition, Audacity, Sound Forge edo antzeko beste bat). Durangoko Berritzegunekoek Audacity programa erabiltzeko tutorial hau daukate eskegita.

Behin irratsaioa grabatu denean, eskolako blogera edota beste plataforma batera igotzeko aukera izango du irakasleak.

Proiektua burutzeko aurretiko ezagutzak

236/2015 dekretuak, irakasleak hainbat tresna digital eta zenbait baliabide maiztasunez eta konfiantzaz erabiltzeko gai izan behar duela azpimarratzen du. Hau da, askotariko formatu, plataforma eta ingurunetan eduki digitalak sortzeko gai izan behar du eta tresna digitalak erabiltzen jakin behar da produktu multimedia ori­jinalak sortzeko eta lehendik dauden edukiak uztartu eta eduki berriak sortzeko. Izan ere, irratsaioa grabatzeko eta nahasketak egiteko kapaz izan beharko da irakaslea. Horretarako, beharrezkoak diren programak aztertu eta arakatu beharko ditu.

Ikasleei dagokienez, sormena eta irudimena garatzea beharrezkoak izango dira irratsaioen edukiak asmatzeko (agurrak, erreportajeak, elkarrizketak, iragarkiak…). Ikasleek informazioa bilatzeko, biltzeko, hauta­tzeko eta prozesatzeko trebetasunak izan behar dituzte. trebetasun horiekin ikasleak komunikazio-xedeak dituzten hainbat testu mota ulertzeko, balioesteko eta sormenez ekoizteko gai izan behar dira.

Taldeko partaideen kopurua eta taldeak sortzeko era

Komenigarria da 3 pertsonako taldeak osatzea. Talde bakoitzari zeregin bat emango zaio eta irratsaiorako bere gidoia prestatu beharko du. Irakaslea gidaria izango da eta talde bakoitzari beharrezkoak diren gomendioak emango dizkio. Taldeen arteko koordinazioa ematea ezinbestekoa da irratsaioak zentzua izan dezan. Aurkezleek eta musika arduradunek, adibidez, talde guztiekin hitz egin beharko dute haien gidoia osatzen joateko.

Plangintza

Irratsaioa 6 saiotan burutzeko pentsatuta dago:

  1. saioa: Aurkezpena eta zereginak banatu. Irratsaioaren izena adostu.
  2. saioa: Talde bakoitzari tokatu zaion generoan zer kontatuko den pentsatu eta idazten hasi.
  3. saioa: Idazten jarraitu. Gainerako taldeekin koordinatu nork, zer esan behar duen zehazteko.
  4. saioa: Talde bakoitzak bere gidoia amaitu eta irratsaioaren gidoia inprimatu.
  5. saioa: Entsegua.
  6. saioa: Grabaketa.
Proiektu hau burutzeko beharrezko materiala
  • Ordenagailuak
  • Audacity programa
  • Mikrofonoa (izatekotan), bestela ordenagailuarena
  • Papera
  • Boligrafoa
  • Umeen ahotsak

IRRATSAIO BATEN GIDOIAREN ADIBIDEA

Bibliografia

Gutierrez, A. (2006). Eskola-irratia, komunikabidea tresna pedagogikoa bihurtuta. Uztaro, (56), 87 – 106, hemendik hartua: http://www.ueu.eus/download/artikulua/5_gutierrez.pdf

Hezkuntza, hizkuntza politika eta kultura saila. (2016). 236/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena: Heziberri 2020, 2016-04-14ean hartua, hemendik: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2016/01/1600141e.pdf