Istorio kateatuak

child-1096177_1280

Nola jolasten da?

Jolas honetan, bat-bateko istorioak asmatu behar dira. Horretarako, ikasleak korroan jarriko dira eta aukeratzen dugun ikasleri pilota bat emango diogu. Pilota daukanak hasi beharko du istorioa kontatzen eta pare bat esaldi ahoz gora esan eta gero beste ikaskide bati pasatu beharko dio pilota istorioarekin jarraitu dezan. Pilota jaurtitzen ibili beharko dira, istorioa amaitutzat ematen duten arte. Istorio bati amaiera emateko ez dute guztiek parte hartu behar. Istorioa amaitzen bada, tokatzen zaionak beste istorio berri baten hasiera proposatu beharko du.

Zer lantzen da?

Pilota pasatzea, aitzaki ezin hobea izango da txandak errespetatzeko eta ahozkoa lantzeko. Ikasleek entzundakoa ulertu eta pilota heltzen zaienean haien ekarpenak egingo dituzte ahoz gora gainontzeko ikaskideen aurrean. Beraz, jolas guztian zehar ahozkoa lantzen ibiliko dira. Horretarako, garrantzitsua da istorioa hasieratik entzutea. Bestela, txanda heltzen zaienean guztiz galduta egongo dira eta blokeatu egingo dira. Beraz, arreta mantentzea eta adi egotea ere ezinbestekoa da.

Nola landu Lehen Hezkuntzan?

Lehen Hezkuntzako edozein mailatan aurrera eraman daitekeen jolasa da. Dena den, maila bakoitzean zer egiteko kapaz diren kontuan hartu behar da jolasa planteatu aurretik.

Arestian aipatu bezala, ikasleak izan daitezke ipuinen hasieren asmatzaileak baina guk ere hasiera batzuk prestatuta izan ditzakegu. Modu honetan, blokeatuta ikusten baditugu edo asmatzen dituzten hasierak gustuko ez baditugu adibide batzuk eskuragarri izatea komeni da. Ipuina kontatzen daudenean, irakasleak aukera dauka berak ere parte hartzeko eta istorioaren norabidea aldatu nahi badu, aldatzeko.

Gertatu daiteke denbora guztian pertsona berdinak izatea parte hartzen dutenak. Gure helburua, ikasle guztiek parte hartzea izango da eta horretarako arau batzuk ezarri beharko dira: neskek mutilei egin behar dietela pasea eta mutilek neskei, debekatuta dagoela pasatu diogun pertsona bati berriro pasatzea, gehienez hiru esaldi esan ditzakegula… arau hauek jolastu aurretik argi uztea komeni da. Pilota nola pasatu edo jaurti behar den ere argi utzi behar dugu.

communication-1297544_1280

Ikusten badugu ikasleek dinamika ondo harrapatu dutela, pilotak gehitu ditzakegu. Beharbada, dinamika nahastu egingo da baina hasiera batean sinplea zena, zailagoa eta dibertigarriagoa bihurtuko da. Istorio gehiago egongo direlako aldi berean eta horretarako, adi-adi egon beharko dira. Pilotak banan-banan sartuko ditugu eta bi pertsonek ezin izango dute aldi berean hitz egin. Hortaz, txandak errespetatu beharko dituzte. Istorioak nahastu egingo dira baina argi izan behar dute kontatzen ari direna zein istoriori dagokion.

Ariketa hau talde handian egiteko pentsatuta dago baina irakaslearen esku dago gero berak nahi duen moduan bideratzea. Beharbada, talde txikiagotan ere planteatu daiteke jolasa. Hona hemen istorioei hasiera emateko esaldi eta ideia batzuk:

  • Bazen behin, Meltxor deitzen zen sagu txiki bat…
  • Munduan beste asko bezala, Iratxe deitzen zen neska gazte bat bizi zen …
  • Antzinako negu batean bost agure suaren inguruan bilduta zeuden kontu-kontari…
  • Behin baziren Koldo eta Aitziber gaizki eramaten ziren neba-arrebak…
  • Istorio hau haizeak kontatu zidan aspaldi basamortuko oasi batean lo egiten nuen bitartean…
  • Markina inguruko auzo txiki batean gertatu zen aspaldi kontatuko dizuedan istorioa…
  • Antzina, igelak harriekin hitz egiten zutenean…
  • Behin bizi omen ziren etxe batean txiroak ziren familia txiki bat…
  • Landareek eta animaliek hizketan zekiten garaian, bazen behin kobazulo batean ezkutaturik bizi zen dragoi bat…
  • Duela denbora asko, leku eder bat zegoen tristea eta grisa zena non …
Denboralizazioa

Ekintza hau 20 minututan lantzeko pentsatuta dago.