Mitologia

Atal honetan, euskal mitologiari buruzko bideoak ikasleekin nola erabili daitezkeen azalduko da. Euskal mitologia historiaurreko garaietatik datozen sinesmen, pertsonaia mitiko eta elezaharren multzoak osatzen dute. Istorio hauek, ahozko transmisioaren bidez belaunaldiz belaunaldi transmititu dira. Mito hauek, mezuaren arabera sailkatu daitezke: batzuk fantasiazko gaiak jorratzen dituzte, eta beste batzuk, aldiz, izaera lurtarra.

Beharbada, ikasleek kondaira edo mito hauen inguruan zerbait entzunda izango dute. Dena den, mito edo kondaira bat zer den galdetu ahal diegu eta horretarako talde txikietan eztabaidatzea izan daiteke aukera bat. Behin adostu dutenean talde bakoitzak esango duena, talde handian eztabaida txiki bat sortuko dugu: beste mitorik ezagutzen duten, zer kontatzen duten, sinisten al dituzten… Noski, solasaldi hau euskal mitologiari sarrera egiten diogun lehenengo egunean bakarrik proposatuko dugu.

Mitoak zer diren argi dagoenean, landuko dugun kondairaren inguruan galdera abiarazleak luzatu ditzakegu. Modu honetan, gaia zentratzen joango gara eta bideoan ikusiko dena aurreikusteko aukera izango dute. Bideoa jarri eta amaieran ikusitakoaren inguruan hitz egin eta eztabaida txikiak sortu daitezke. Irakaslearen esku dago bideoa aukeratu eta ahozkoa lantzeko estrategiak garatzea.

Euskal mitologiari buruzko bideoen zerrenda aurkitu daiteke hurrengo esteka honetan:

Euskal mitologiari buruzko bideoak (www.aittu.eus)