Nor daukat bekokian?

Nola jolasten da?

question-310891_1280Joko honetara 4-5 pertsonako taldeetan jolasten da. Ikasle bakoitzak bekokian daukan post-it batean pertsonai bat idatzita izango du. Pertsonaia hori marrazki bizidunetakoa, kirolaria, aktorea… izan daiteke. Komeni da guztiek ezagutzeko moduko pertsonaiak aukeratzea.

Ikasle bakoitzak gainontzekoen pertsonaiak ikusi ahal izango ditu baina berea ez. Ikasle bakoitza saiatu beharko da bekokian daukan pertsonaiaren izena asmatzen. Horretarako galderak egin behar ditu eta besteek bai ala ez erantzungo dute. Horretarako, argi utzi behar da planteatutako galderak bai ala ez erantzutekoak izan behar direla.

Zer lantzen da?

Ariketa honetan, ahozko hizkuntza lantzen da. Burua martxan jarri beharko dute galdera aproposak sortu eta pertsonaia asmatzeko. Galdera bakoitzarekin pistak lortuko dituzte eta pista horiek lotu beharko dituzte pertsonaia nor den asmatu arte.

Nola landu Lehen Hezkuntzan?

Lehen Hezkuntzako maila guztietan landu daiteke. Komeni denez ikasle guztiek ezagutzeko moduko pertsonaiak aukeratzea, haiek izango dira pertsonaiak idatziko dituztenak. Azken batean, adin bereko ikasleen interesak eta ezagutzak bat datozelako normalean.

Post-it bana emango diegu eta inork ikusi gabe pertsonaia idatziko dute. Idatzi eta buruz behera jartzeko eskatuko diegu. Bi aukera daude. Alde batetik, denak jaso eta ikasleen artean sakabanatu. Eta bestetik, talde txikietan euren artean banandu ditzatela. Ikasle bakoitzak tokatu zaiona hartu eta bekokian pegatuko du. Nor hasiko den zehaztu eta txandaka galderak egiten hasiko dira.

Denboralizazioa

Jolas hau, 20 minututan lantzeko pentsatuta dago.