Story Cubes

XCM-60398-RSC-Actions-Cubes-CMYK-white

Zer da?

RSC_Group_3DR copyBat-bateko istorioak sortzeko jolasa da. Entretenigarria eta originala. Jolas honetarako dadoak baino ez dira behar. Dado horietan, ekintzak, objektuak, lekuak, animaliak eta sentimenduak adierazten dituzten marrazkitxoak daude. Gutxienez, 2 pertsona behar dira jolasteko.

Gomendatutako adin-tartea:  6 urtetik aurrera

Jokalariak: 2-10 artean (Dadoen arabera)

Editoriala: The Creativity Hub

Nola jolasten da?

Dado guztiak aldi berean jaurti behar dira eta ateratzen zaizkigun iruditxoekin istorio bat sortu behar dugu. Horretarako, jaurti ditugun dadoak lerro batean kokatu behar ditugu eta iruditxo bakoitza hurrengoarekin lotzeko bidea aurkitu beharko dugu. Ez da gehiegi pentsatu behar, momentuan bururatzen zaiguna ahoz goran kontatzen joango gara eta ahal den neurrian hurrengo iruditxoarekin lotura bat ezarriko dugu.

Zer lantzen da?

Alde batetik, ahozko hizkuntza lantzen da. Iruditxoetan ikusten dutena kontatzen baitiete gainontzekoei. Azken batean, ikusten dutenaren inguruan inprobisatu behar dute.

Eta bestetik, sormena. Izan ere, asko dira dadoekin atera daitezkeen konbinazio posibleak. Beraz, istorioak etengabe ari dira aldatzen.

Nola landu Lehen Hezkuntzan?

Esan bezala, ahozko adierazpena lantzeko baliabide interesgarria da. Hori dela eta, garrantzitsua da gure ikasleekin tartetxo bat hartzea jolas hau praktikan jartzeko. Egokiena, 4 pertsonako taldeak osatzea da eta talde bakoitzak bere dadoak izatea jolasa behar den moduan aurrera eramateko. Baina horretarako, talde bakoitzarentzako jolas bat behar dugu eta gertatu daiteke hainbeste ez lortzea.

Story cubs ikasgelan.jpgHori dela eta, gure Story Cubs pertsonalizatua sortuko dugu. Horretarako, iruditxo desberdinak dituzten txarteltxoak sortuko ditugu (kartulinazkoak badira hobe). Talde bakoitzarentzako 20 – 25 txarteltxo.

Txarteltxoak deskargatzeko

Talde bakoitzari txarteltxo sorta bana emango diegu eta buruz behera jartzeko eskatuko diegu. Behin aukeratu dutenean nor hasiko den, buruz behera dauden txarteltxoetatik 9 aukeratuko ditu buelta emateko. Aukeratutako horiek lerroan jarri eta bere istorioa kontatu beharko die gainerakoei. Amaitzen duenean, buruz behera jarri eta txarteltxoak sakabanatuko dituzte hurrengoak aurrekoak utzitakoak ez errepikatzeko. Eta horrela, txanda errespetatuz bakoitzak bere istorioa sortu beharko du.

Denboralizazioa

Ariketa hau 20 minututan lantzeko pentsatuta dago, nahiz eta ikasleek denbora gehiago eskatuko diguten. Hobe da ariketa sarritan errepikatzea, saio batean bakarrik lantzea baino.

Lehen Hezkuntzako ikasleekin zelako efizientzia daukan ikusita, komeni da eskoletan jolas librerako mahai jolasak dauden moduan horrelako baliabideak eskaintzea.

Advertisements