Tabu (Hitz debekatuak)

Nola jolasten da?

tabu

Joko honetan, hitzak definitu behar dira baina debekatuta dauden hitzak erabili gabe. Jolas honetara bikoteka edo taldeka jolastu daiteke. Horretarako, txarteltxoak erabiltzen dira eta txarteltxo horietako bakoitzean definitu behar den hitza eta aipatzea debekatuta dauden hitzak agertuko dira. Hitz bakoitza deskribatzerako orduan txandakatu egingo dira.

Zer lantzen da?

Ariketa honen bitartez, ikasleek azalpenak emateko dituzten estrategiak alteratuko ditugu. Oztopokoak jarriko dizkiegu hitzen esanahiak azaltzerako orduan eta horrek, azalpenak emateko modua aldatuko du. Jolas honetan zehar ikasleek ahozkotasuna landuko dute. Baita oztopoei aurre egiteko gaitasuna ere.

Nola landu Lehen Hezkuntzan?

Batez ere, bigarren eta hirugarren zikloan lantzeko jolasa dugu hau. Lehenengo zikloan praktikara eramateko, prestatzen ditugun txarteltxoak sinpleak eta argiak izan beharko dira. Maila horretan, ikasle askok hitzen esanahiak azaltzeko zailtasunak izaten dituzte eta honi gainera oztopoak gehitzen badizkiogu, umeak nahastea edo blokeatzea suertatu daiteke. Hurrengo esteka hauetan, ziklo bakoitzerako txarteltxoak deskargatu daitezke:Tabu ikasgelan

1. ziklorako txarteltxoak

2. ziklorako txarteltxoak

3. ziklorako txarteltxoak

(Txarteltxoak kartulinazkoak badira hobe)

Ikasleak bikoteka edo taldeka kokatuko ditugu eta fitxak banatuko dizkiegu. Hauek buruz behera jarriko dituzte eta txarteltxoak banan – banan ateratzen joango dira, azalpenak emanez eta ezkutuko hitzak asmatzen. Hau adibide bat besterik ez da. Txarteltxoak nola erabili irakaslearen esku dago. Ikasleak motibatzeko, puntuazioekin jolastu dezakegu.

Adibidez, hitza asmatzen duenari puntu bat emanez. Hala ere, lehiaketa antzeko bat sortzea arriskutsua izan daiteke. Gertatu daitekeelako, puntuazio altua lortu nahi duen ikasleak azalpen kaskarrak ematea gainerakoei hitza ez asmatzeko.

Lehiaketa, beste norabide batean bideratu dezakegu. Adibidez, hitza asmatzen badu edo badute, azalpena eman duenak irabaziko du puntua. Modu honetan, azalpenak izango dira sarituko ditugunak. Baina berriz ere, lehiakortasunak jokoaren helburua hondatzeko arriskua dago. Beraz, irakaslearen eskuetan dago jolasa modu egokian bideratzea.

Beste aukera bat, ikasleek euren txarteltxoak sortzea izan daiteke. Talde bakoitzak bere txarteltxoak prestatu eta gainerako taldekideekin trukatuz. Dena den,  gure helburua ahozkotasuna lantzea bakarrik bada guk prestatutakoak emango dizkiegu.

Denboralizazioa

Ariketa hau 20 minututan lantzeko pentsatuta dago. Horrelako ariketak maiztasun batekin errepikatuz gero, gure ikasleen ahozkotasunean hobekuntzak nabarituko ditugu.